XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Margarita inter porcos

Titulu bitxi bat diat hor, bainan ago.

Erran nahi deat lehenik aldi huntako gaiaren iturria: nola mundu guzian xerriak mespretxatuak diren...

To!

Harrak Xabier Amuriza: bota dezagun demokrazia zerri askara!

Zerrien aska: ifernuaren pareko leku okaztagarria.

Mutiko hortaz ba diat estimu haundia, bainan demokrazia zerri askara botatzeaz mehatxakatzen duelarik ximiko zahar bat bihotzean pizten zaitak.

Eta ba duk besterik!

Axular zaharra bera, Euskal Herriko apez predikarien aita paregabezko hortarik hasiz, mende honen ondarrera dituzkan iraultza esperantzetaraino, xerrietaz trufa ba duk.

Esplikatu behar deat hori.

0, ba, trufa horien herrak ez duela bali handirik aitortzen diat eta gogoan diat Esteribarreko erran zahar hau, norata ezkurra, harata txerrien muturra... horrekin erraitera mentura bainintaikek xerrietan ba ginuela etsenplu hartzeko!

Erranen deat hala ere zerbeit gogoetagarri ba dela hor, xerrien izaitea hainbestetaraino zangopilatzen duen egoera orokor hortan.

Eta zer!

Batere ahalgerik gabe aitortuko deat: xerrien amodio haundi bat ba diat!

Badakik, beste ainitzek bezala, ene haurtasunak xerrien auzotasuna ukan duela.

Adin bat dugun guziek, eta ez bakarrik laborari etxeetan, xerrien kurrinka goxoa entzuna diaguk... hunen zorionaren deiadarra bazka askara ixurtzean...

Gero, beste gauza batek jo ditik gure haurtasuneko neguetako goiz hotz horietarik, oraiko neguek ez duten hotz berezi hori.

Xerriaren orro luzea, batzuetan bizpahiru astez, kasik goiz guziez xerria nunbait hiltzen zitean, Miatik Arramintxeneraino eta Alaattonetik Urgaixtoraino.

Haurrak ez gintuan alabaina goizik jeikitzen, baina etxekoaren hiltzea zelarik gehienetan hor gintuan.

Gehienetan ere poxolatzen ginian ba, bainan beti zerbeit egiten ginian momentu hortan, xerriaren buztanaren atxikitzea bederen.

Xerria hiltzen zutela baginakien bainan hiltzeaz ez gintuan ohartzen, beste egun bat zuan besterik ez.

Ohartzen gintuan haatik, besteen etxeetan zelarik, orro luze bat zela.

Ez ginakian zendako hoin luzea botatzen zian.

Mendi, patar eta erreken oiharzunak lauzkatzen zuten oihu luzea, ohearen barne bero goxotik beldur ikaraño batekin entzuten ginian.

Ainitz urte eman ditiat gauza bati ohartzeko: mina eta pena eta dolore hain segur mina zuelakoan, beraz, xerriak zuela orro luze hori egin.

Nik uste nian pesta ginuelakoan etxen zela holako oihu luzea egin arazten... besteri jakin arazteko!

Gero, badakik nola ohartzen haizen denek beren iturburua duten... nik ere, besteek bezala, ikasi nian zergatik hola hil arazten zuten.

Zintzurreko zain bat moztu eta, emeki emeki flakatzen duk eta, anartean, bihotzak jo egiten baitio aski indarrekin, odola kurri arazten ziok zainetan eta beraz odol hustera laguntzen dik.

Odol hori bildu behar baitie, molde erretxena duk hola egitea eta nagok beste molderik baditeken odol guzia biltzeko.

Hau beharrezkoa die delako odolki horien egiteko.

Tripotak erraiten die leku zonbaitetan hemen, erranen deat hitz hori ez dutala maite, itsusi zautak.

Karkulan ari bainuk hau ixkiriatzeko denboran ari nuk pentsatzen hea xerriaren azpi eta artekiak berdin kontserba ditaizken xerria odol hustu gabe.

Kasik segur nuk ezetz; ikusi ditiat azpiak andeatzen, harrek hasiak eta preseski odol zerbait ginarriaren barnean egona baitzen.

Nik bezala ikusia huke hori, gazitzeko denboran, nola thorra eta thorra ari izan behar den, gelditzen diren odol gune horien parti arazteko.

Mazaja batzu balire bezala, hezurren plegadura guzietan artzen eta zer indarrean ikusi ditiat.

Après un sourire à ses amis, le cochon s'enfuit à tire-d'aile jusqu'au profond de la forampecirc;t.

L. ETXEZAHARRETA.

1983.eko udaren azken egunetan.